XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hazkundeak sortutako zama ekonomikoa, marko politikoaren aldaketa eta ikastolek diktaduraren garaian euskararen alde egindako lanaren errekonozimendua (ikus adibidez EIKE legean zegoen adierazpena), beste batzuren artean dira epe berri horretan eragiten duten aldagaiak, atzeko markoan Espainako Konstituzioa, Estatutoa eta Lode (Ley Orgánica del Derecho a la Educación) legeek gainontzeko guztia mugatzen eta arautzen dutelarik.

Ikastolek, gizartean suertatutako marko aldaketa dela medio, irakaskuntza dohain emateko nahia azaldu izan dute, berea, publikotasunaren bidetik titulartasun pribatutik publikora pasatzeko prozesuari ekiten hasi ziren.

Urrats hau eman ahal izateko, ikastolen aldetik, ondasunen lagapena eta beraien ezaugarri propioak egituraketa publiko berri honetan mantentzeko ahaleginak ditugu, administraritzaren aldetik instituzio ofizialetatik diru publikoaren kudeaketa eta kontrola nola bideratuko kezka den bitartean.

Jarraian auzi honetan gertatu izan diren unerik garrantzitsuenak aztertzen ahaleginduko gara.

1979. urtean Decreto de Bilingûismo delakoan oinarrituta Ikastolen Titulartasun Ofizialeko Arautegia zehazten da, diru laguntzen normalizatzerako bide bat zabalduz.

Gogora dezagun itun hau Eusko Kontseilu Nagusia eta Hezkuntz Ministraritzaren artean sinatu zutela.

Honen bidez ikastolek titulartasuna Eusko Kontseilu Nagusiaren esku utzi zuten tarteko honako justifikazioa arau bihurtzen zelarik .

Beraz, alde batetik ikastolek estatuto juridiko publiko bat hartzen zuten Eusko Kontseilu Nagusiaren titulartasunpean eta, bestalde, Administraritzak neurri bateko segurtasun ekonomikoa eta juridikoa eskeintzen zien.

1983. urtean EIKE legea onartzen da Eusko Legebiltzarrean.

Ikastola kontzeptupean biltzen diren zentru guztiak Hezkuntza Saileko atal bezala perfilatuz organismo autonomo (EIKE) bihurtzen dira.

Ikastolaren munduan eztabaida gogorrak sortarazi zituen lege honen onespenak, batzuren eritziz irakaskuntza ez unibertsitarioaren hirugarren sarearen finkapena suposatzen bait zuen EIKEk.